GLOBAL WAVE CONFERENCE
Olatuen babes bila, Biarritz eta Donostian
Zergatik desagertzen da olatu bat? Arrazoiak anitz izan daitezke, ziklo naturalak edota jendartearen esku–hartzeak baldintzatuta gerta liteke, besteen artean. Ugari dira munduan gai honekin kezkatuta dauden pertsonak, eta haietariko batzuen ekimenez, Biarritz eta Donostia protagonista bihurtuko dira 2011ko urriaren 24 eta 25ean, hurrenez hurren, bi hirietan egingo den Olatuen Babespenari buruzko Nazioarteko Batzarra dela eta.
Surfrider Foundation eta Surfrider Fondation Europe, Surfers Against Sewage, Save the Waves eta Salvem O Surf taldeek antolatuta, bi egunetan zehar mundu mailako adituek aurkezpen eta mahai inguruak egingo dituzte euren esperientziak partekatuz, dagoeneko abian dauden proiektuen berri emanez, eta abar.
Hiru galdera ardatz
Antolatzaileek, hiru galderen inguruan planteatu gura izan dute batzarra. Alde batetik, Nola zehaztu olatu baten eta ingurumenaren balioa?; bestetik, Zerk mehatxatzen ditu olatuak?; eta azkenik, Zein estrategia ezarri olatuak babesteko?
Astelehen eta astearteko jardunaldi horietan, galdera horiekin erlazionatutako hiruna mintegi eramango dituzte aurrera. Lehenengo egunean, parte hartzaileak Biarritzeko Bellevue kasinoan elkartuko dira goizeko 9.00etan hasiko den ongietorri hitzaldiaren bueltan; Donostiako hitzorduari dagokionez aldiz, Kursaal jauregia edukiko dute elkargune ordu berean egun bat beranduago.
Gaiarekin interesatutako 300 bat lagunen bertaratzea aurreikusten dute antolatzaileek. Nahiz eta deialdia irekia izan, Surfrider Foundation Europe–tik adierazi dutenez, aurrez izena ematea komenigarria litzateke, tokia segurtatzeko batez ere; baina ez da derrigorrezkoa. Hala, euskal kostaldeko bi hiri hauetara gerturatuko diren hogei bat adituren esperientziaren berri edukiko dute interesatuek. Aipatu bezala, mundu mailako batzarra denez gero, besteen artean Australia, Frantzia, Erresuma Batua, Amerikako Estatu Batuak, Zeelanda Berria edota Hego Afrikatik bertaratutako diren esparru ezberdinetako jakitunen ahotatik errealitate desberdinak ezagutuko dituzte.
Interesgarriak izango dira batzarrean jorratuko diren gaiak; batzuk aipatzearren, Surf eremuak tokiko ondarearen parte bihurtzeari buruz; Martxoak 11 ondoren. Fukushimaren tsunamiak kaltetutako guneen eta gure ozeanoen egoera; Surflari estatubatuarren profil ekonomikoa; Dragatze lanek ibai–ahoetan dauden hondar–bankuen gainean izan dezaketen eragina: Mundaka; eta beste makina bat.
Ezin gerturatu direnenengan ere pentsatu dute antolatzaileek, horretarako, batzarra streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiz honako webgunean: www.globalwaveconference.com
Olatuaren garrantziaz jabetzeko aukera bikaina, Olatuen Babespenari buruzko Nazioarteko Batzarrean.
(ITURRIA: EUSKONEWS GAZTEA)
0 comentarios