EUSKAL KOSTALDE NUKLEARRA? EZ, ESKERRIK ASKO
Hala esan zuen herriak orain dela ea 40 urte euskal kostaldean hiru zentral nuklear kokatzeko egitasmoa abiatu zenean. Eta non eta surf egiteko apropos ziren hiru tokitan kokatu nahi ziren. Bata, zori txarrez, ea abian jarri arte gauzatu zen. Zori txarrez diot, ez bakarrik Lemoizko Basordas kala suntsitu zelako hormigoizko munstro erraldoi batekin, baita ere haren inguruko bortitzkeriak eragin zuen sufrimenduagatik. Beste bien kokapena ondo ezaguna zaigu ere: Ogeia, Ispasterren, eta Punta Endala, Deban. Deban bertan sortu zen euskal mugimendu antinuklearraren hasikina. Gainerakoa, historia da.
Eta historia zen Fukushimako zentral nuklearraren istripua izan zen arte. Hau ere surferako gune aproposen hurbil zegoen kokatuta. Europako mugimendu antinuklearra motelduta zegoen ordurarte. Are gehiago, bazeuden energia nuklearrera bueltatze bat aldarrikatzen zutenek, haren alde argudiatuz teknologian izandako aurrerakuntzak eta ustez gizarte zibilizatuagoak (esaterako, Finlandia) bere alde egindako hautuak.
Eztabaida politikoa da, energia nuklearraren abantailetako bat independentzia energetikoa baita. Desabantailak, ordea, begibistan geratu dira ikusita beraien ibilbidean zehar izandako istripuak eta beraiek sortutako hondakinen kudeaketak dakartzan arazoak. Ikusitakoa ikusita, erraza da energia nuklearraren aurkako jarrera hartzea. Baina, prest al gaude, adibidez, energia berristagarriek gure eguneroko bizitzan suposatuko luketen aldaketa norbereganatzeko?
0 comentarios