Blogia
laidakosurftxokoa

SURFA IRAULI ZUTEN 10 GAUZAK

SURFA IRAULI ZUTEN 10 GAUZAK

Hauek nire ustetan surfa irauli zuten 10 gauzak. Ezin da esan polbora asmatzen dudala, egia. Orden kronologiko bat jarraitzen dute, baina esan daiteke bata bestearen gainean jartzen direla surfaren historian zehar. Hor doaz:

1. MALIBU CHIP OHOLA

Ordurarte oholek tona bat pisatzen zuten. 40. eta 50. hamarkadetako hego Kalifornian egindako zenbait shaperrek (Bob Simmons, Mat Kivlin, Joe Quigg) egindako ohol hauek, balsa zurezko barne eta beira zuntzezko azalez, ordea, 12-15 kilu inguru "soilik" eta beraien neurri (10 oin x 22 hazbete) eta itxurak tabloi modernoarenak ziren ea ea.

2. NEOPRENOZKO JANTZIAK

Ur hotsak azko mugatzen zuen surf egin ahal izateko sasoiak eta tokiak. Ipar Kaliforniako Jack O´Neillen 50. hamarkadako asmakizun honek erabat zabaldu zituen surf egin ahal izateko aukerak.

3. POLIURETANOZKO FOAMA

Material hau II Mundu Gerran asmatu zen. Berarekin egindako "blank" edo preformatutako barneko nukleoak (sendotasuna emateko elementu gisa goitik behera zeharkatzen duen egurrezko stringerra edo arimarekin batera) asko arindu zituzten oholak eta erraztu shapeatzeko era. Dave Sweeti egozten zaio lehendabiziz erabiltzea 50. hamarkadako erdialdean, eta surfaren material gogorraren industrializazioaren hasiera suposatu zuen.

4. OHOL LABURRA

Zenbait esperimento eginak ziren, baina ea gauetik goizera, 1967-1968 tartean, oholak 4 oin murriztu, hobeto esan, ea ebaki ziren. Bob McTavish eta George Greenougek erru asko izan zuten, eta Paul Witzigen "Evolution" filma izan zen iraultza kontsagratu zuena. Bertan, ea nerabe bat zen Wayne Lynch eta beste surflari progresibo batzuek kriston olatuak surfeatzen zituzten munduan zehar inoz baino barrurago sartuta eta kantuei sua ateraz. Zineman soinua sartu zenean bezalako goitik beherako zartakoa izan zen. Marka handiak (Noll, Weber, Hobie etabar) desagertu edo gutxira etorri ziren, eta eskilarapeko shaperrak nonahi atera ziren. A ze garaia.

5. SURF PROFESIONALA

Ez da zorrotz esanda "gauza" bat, baina beste iraultza bat suposatu zuen. Bazegoen jendea surfetik bizi zena, nola edo hala (Nat Young, Corky Carroll, Skip Frye...), baina ez zegoen zirkuito profesionalik ez diru handirik saritan. Hori aldatzen hasi zen 1972 urte inguruan, eta 1977 urterako esan zitekeen gutxi gorabehera gaur ezagutzen dugun surf profesionala jaioa zela. Lehen txapeldun ofiziala, Peter Townend australiarra, 1976ean. Hortik aurrera zenbait letra aldaketa (IPS, ASP..) baina musika berdina, eta etengabeko eztabaida dirua eta arimaren artean...

6. INBENTOA

Batzuek O´Neilleri egozten diote gloria. Beste batzuek "Blinky" ezizeneko surflari apal bati. Gauza da, 70. hamarkadaren hasieran kriston eztabaida sortu zuela, zenbaiten ustetan (esperientziadun surflariak) nolabait selektiboa zen tokiak eta sesioak edonorentzako eskuragarri bilakatzen baitzituen. Egon zen ere inbentoa debekatzen zuen lehiaketaren bat ere, baina oso hasieran. 1972-1975 tartean surflari guztiek, txar zein on, bereganatu zuten. Eta leash (USA) edo legropea (Oz) egunerako gauza bilakatu zen. Kondaira da gure inguruan ematen zaion izen bitxi hori (inbentoa), aintxindari batek egindako esklamaziotik ("a ze inbento") datorrela. Bejon daiola.

7. THRUSTERRA

Bi, hiru eta lau gilekin egindako esperimentuak ugari ziren, baina ez oso popularrak. Baina Simon Anderson australiarrak (hemen bai ez dagoela eztabaidarik) 1981 urtean asmatutako diseinu hau ea intenporal bilakatu da eta, bere oinarrian, gaur egungo diseinu estandarra izaten jarraitzen du. Hiru giladun konfigurazio honek surfeatzeko era ere baldintzatu zuen. Ohola ez zen bakarrik irristatzen. Norberak eman behar zion "kaña", atzeko oinarekin bonbeatuz. Horrek abiadura toki aproposean generatzea ahalbideratzen zuen, eta olatuaren ezpainean erraztasun handiagoz maniobratzea.

8. "LOW COST" AEROLINEAK

80. hamarkada arte normalena zen ez oso urruti mugitzea, ala furgonetan edo kotxez mugitzea (eta azken hau ere ez zen oso arrunta). Montoiko surflariarentzat Hawaii, Australia, Kalifornia edo Indonesia ametsetan baino ez ziren surfeatzen, edo nagusienek eztai bidaiean. Ordutik hasita, bidai-txartelak asko merketu ziren (edo hala iruditu zitzaigun) eta heltokiak ugaritu. Gaur egun ea edozeinek dauka edozein tokira joateko aukera "arrazoizko" prezio batengatik eta anormala bilakatu dena da zure tokiko hondartzarekin konformatzea...

9. INTERNET

Zer esan dezakegu. Ez dago surflaririk internet ez duenik erabiltzen olatuen egoera edo aurreikuspena txekeatzeko, txapelketak ikusteko, bidaiak antolatzeko edo materiala erosteko. Askotan benetako surfa egiten baino denbora gehiagoz.

10. TELEFONO MUGIKORRA

Aurrekoarekin batera surf egiteko aukerak infinitoraino hedatu dituena. Gaur egun ez baduzu surfik egiten BENETAN ezin duzulako da. Agur hondartzako tertuliei mare aproposa itxaroten zen bitartean. Edonork aukera dezake non eta noiz surf egin berari hobeto datorkion unean eta tokian, bai interneten kontsultatuz, bai lagunekin komentatuz.

0 comentarios